2013-09-18

Kultura Zientifikoa Twitter-en (II): Lorearen petaloak

Astebete gelditzen zaigu Kultura Zientifikoa Twitter-en zabaltzeko ekimena burutzeko: #KulturaZientifikoa alegia. Gure ekimen hau, guztiona, eskematxo batean laburbildu nuen. Lorearen antza zuen eskema. Gure lore hau mendian, larre artean, zegoen. Maldan behera zetorren elur bolak harrapatu zuen, eta honek, umetxoak abestian bezala, lorea askatu zuen, libre izateko. Hori eginen dugu guk, irailaren 25ean. Lorea ahalik eta gehien zabalduko dugu, #KulturaZientifikoaren lorea. Kultura Zientifikoaren lorea askatu eta libre eginen dugu, loreak gu libre egiten gaituen moduan. Gaurkoan, ordea, gure lorearen petaloek esaten digutenari so eginen diogu, loreak bere mezua dakarkigu eta!

Gehienek asmatuko zenuten moduan, goian Loretxoa abestiari buruz ari nintzen. Ezagutzen ez duzuenontzat, behean abestiaren bi bertsio dituzue. Ezkerrean, Benito Lertxundirena, eta ni bezalako rokeroentzat Exkixuren bertsioa eskuinean.



Baina, zertara dator Kultura Zientifikoa lore batekin lotzeko? Beno, gaiari buruzko azken sarreran ekimen honen eskema aurkeztu genuen. Horretaz gain, egun horretan (Irailaren 25ean!!) txiokatzen ahal ditugun hainbat adibide ematen nituen (gogoratu adibideak besterik ez zirela!), eta bertxioen (retuit-en) garrantzia aipatu genuen. Gure eskema honek lore baten antza du (ikusi behean) eta gaurkoan, lehen aipatu bezala, #KulturaZientifikoa lorearen petaloei so eginen diegu.



7 petaloz osatutako lorea da gure #KulturaZientifikoa. Bakoitzari buruz, luze aritzerik bada, baina etzaituztet gehiegi aspertu nahi (agian beste batean aritzen ahal gara). Hau dela eta, laburki tratatuko ditut petalo bakoitza, gogoan izanda denak direla garrantzitsuak.

  • Jakintza Arloak: ekimena martxan abiatu zenean, garbi nuen Zientziak ala Zientzia Teknologikoak kontsideratzen ditugunak bakarrik ez zirela ekimen honen mintzagai izan behar. Giza zientziak, Gizarte zientziak, Osasun zientziak, Lege zientziak Kultura Zientifikoan bere-biziko garrantzia dute, eta beti buruan izan ditut. Aurreko mezuetan ideia hau ongi transmititzea falta zen. Jakintza arlo guztiek dute kontribuzioa Kultura Zientifikoan, eta Kultura Zientifikoak jakintza arlo guztietan du eragina. 
  • Gizartea orokorrean: ez dugu ahantzi behar ekimen honen helburua Kultura Zientifikoa gizarteratzea dela, kasu honetan Twitter-en. Baina gizartea, gauza orokorra da. Denok gara gizartea. Beste petaloetan identifikatzen ez dena, hemen dago identifikatuta. Gogoan izan, mundu guztia dago gonbidatua parte hartzera. Eta parte hartzea ez du zertan bakarrik informazioa altxatzea izan behar. Ez izan inolako lotsarik idazteko! (Ikusi petalo honen norantza!)
  • Hezkuntza inguruan bi petalo ageri dira. Ikasleak eta Irakasleak.
  • Ikasleak: Ikasleak, gazteak eta ez hain gazteak, unibertsitate zein bigarren hezkuntzan, kultura zientifikoan inplikatzea garrantzitsua da. Baina ez bakarrik informazioa altxatzeko (klase askotan hori da betetzen duten papera), informazioa emateko ere bai. Kezkak, ilusioak, bere gustoko gauzak, kultura zientifikoa nola ikusten duten... askotan, hezkuntzan jokatzen duten paper pasibo horregatik (desberdin izatea gustatuko litzaidake) aktibo izatera pasatzea kostatzen zaie. Ez izan beldurrik! Euskaltegietako ikasleak ere, nahiz eta oraindik lehenengo urratsetan egon, ez izan lotsarik eta idatzi! Zuen guztion mezuak, hausnarketak, demandak... irakurtzeko irrikitan gaude. 
  • Irakasleak: irakasleok hezkuntzan paper handia betetzen dugu, eta gure ikasleekiko ardura bat dugu. Kultura Zientifikoaren hedapena Hezkuntzan hasten da. Kontaiguzue zuen ikasleekin lantzen dituzuen gaiak, nola lantzen dituzuen, konpartitzeko dituzuen lanak, etab. Zuek nahi bezala. Unibertsitate zein Institutuetako irakasle, Lanbide Heziketakoak, berdin dio. Denak gaude gonbidatuta. Euskaltegietakoak ere bai, noski! Kultura Zientifikoa euskaraz zabaltzeko euskaltegiek badute zer esana, agian, zer eskatu (klasean lantzeko material zientifikoa, adibidez. Hau nire ideia bat da, baina ez dakit. Esaiguzue!!)
  • Komunikatzaile zientifikoak: komunikazio zientifikoan dabiltzan pertsonen papera oso garrantzitsua da, gizartearen ezagutza eta kultura zientifikoaren maila handitzeko. Gai zientifikoak jorratzen dituzten kazetariak, dibulgatzaileak, dibulgazio aldizkarietako kideak, liburudenda espezializatuetako kideak, etab, ekimenean parte hartzera gonbidatuta daude, noski! Kontatuiguzue zuen esperientziak, ekimenak, ikuspuntua, nahi duzuena, Zientzia (jakintza arlo guztiak barne hartuta) eta #KulturaZientifikoaren inguruan.
  • Ikertzaileak: edozein jakintza arlotan zaudeten ikertzaileak, Euskal Herrian ala Euskal Herritik kanpo, kontaiguzue zuen ikerketen ingurukoak. Ikerketa gizarteak aurrera egin dezan ezinbestekoa da, eta ikertzaileok gizartearekin zorra kitatzeko modu bat gure emaitzak zabaltzea da. Askotan uste dugu jende gutxi dagoela interesatuta, baina uste baino gehiago da. Gainera, gutxi egon arren, jakiteko gogoak dute. Horretaz gain, interesa suspertzeko ere, gure lana kontatzea garrantzitsua da.
  • Erakundeak: Zientzia erakundeak, Museoak, Fundazioak, Unibertsitateak, Ikerketa zentruak etab, Kultura Zientifikoaren hedapenean garrantzitsuak eta beharrezkoak dira. Hauen Twitter kontuetatik, #KulturaZientifikoa hedatzeko, zuen erakundeak egiten duena zabaltzen ahal duzue, ikuspuntuak, etab. 

Ez naiz askoz gehiago luzatuko. Bakarrik aipatu hemen ikusgai duzuela ekimen honetan parte hartuko dugun batzuk, baina askoz gehiagok parte hartzeko intentzioa adierazi dute. Barkaidazue denak ez aipatzea. Noski, mundu guztia gonbidatuta dago parte hartzera! Horretaz gain, gauza batzuk azpimarratu nahi ditut, besterik ez. Mesedez, zabaldu mezua! Bestalde, gogoan izan ekimena Irailaren 25ean izanen dela, goizeko 9:00tatik gaueko 00:00tara (ea lortzen dugun!). Eta, gogoan izan, sentitu libre nahi duzuena idazteko, ez izan beldurrik eta nahi duzuen moduan parte hartu! Ez ahaztu gure loretxoaren petaloak bi norantzako gezien bidez lotuta daudela! Guztion kontribuzioa garrantzitsua da! Animo, eta 25ean, egurra eman sarean!!! Zabal dezagun gure loretxoa!!!



Descargo de responsabilidad: He utilizado las imágenes sin ánimo de lucro, con un objetivo de investigación y estudio, en el marco del principio de uso razonable - sin embargo, estoy dispuesto a retirarlas en caso de cualquier infracción de las leyes de copyright.Disclaimer: I have used the images in a non for profit, scholarly interest, under the fair use principle - however, I am willing to remove them if there is any infringement of copyright laws.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina